III. Titulua.- Erakundeko kideak
5. artikulua.
AEPCAko kide edo bazkideak dira honako kategoria hauek:
a) Banako kideak.
b) Kide kolektiboak edo instituzionalak.
c) Ohorezko kideak.
6. artikulua.
Erakundeko banako kideak dira goi-mailako irakaskuntzako irakasleak, ikertzaileak eta Politika eta Administrazio Zientziaren arlo akademikoan modu profesional edo hedatzailean jarduten duten pertsonak; bai eta arlo horietako batekin lotura duen titulua (lizentziatura edo gradua) duten pertsonak ere.
7. artikulua.
Banako kideen artean kide emerituak egon daitezke, Erakundearen kuotak ordaintzeaz salbuetsita egongo direnak (eta Erakundeak antolatzen dituen biltzarrei dagozkien tasak ere bai). Zuzendaritza Batzordeak izendatuko ditu kide emerituak, erretiroa hartzeko prest dauden kideen artean.
8. artikulua.
Kide kolektibo edo instituzionalak izan daitezke berariaz hala eskatzen duten pertsona juridikoak eta edozein motatako zentroak. Zuzendaritza Batzordea ados egon behar da, eta lehen Batzar Nagusian hala berretsi beharko da.
9. artikulua.
Hona hemen banako kideen eskubideak:
1.- Batzar Nagusiaren bilkuretan egon, erabakietan parte hartu eta boto-eskubidea gauzatu.
2.- Batzar Nagusiko karguak aukeratu eta horietarako hautagai izan.
3.- Erakundearen ekintzetan parte hartu.
4.- Zuzendaritza Batzordeari Erakundearen helburu sozialak hobeto erdiesten lagunduko duten iradokizunak helarazi, zuzenean zein Batzar Nagusiaren bitartez.
10. artikulua.
Hona hemen kide kolektibo edo instituzionalen eskubideak:
1.- Batzar Nagusian integratu, haiek ordezkatuko dituzten pertsona fisikoak izendatuta.
2.- Erakundearen ekintza guztietan parte hartu.
3.- Zuzendaritza Batzordeari ekimen edo iradokizunak helarazi, Erakundearen helburu sozialak hobeto erdiesten laguntzeko.
4.- Erakundearen Kontseilu Akademikoko kide izan.
11. artikulua.
Aurreko artikuluetan aipatutako kideek betebehar hauek dituzte:
1.- Batzar Nagusiak ezarritako urteko kuotak ordaindu.
2.- Erakundeko gobernu-organoen akordioak bete.
12. artikulua.
Erakundeko kide izaera galduko da honako kasu hauetan:
1.- Norberak eskatzen badu
2.- 11. artikuluan ezarritako Estatutuetako baldintzak betetzen ez badira
3.- Batzar Nagusiak hala erabakitzen badu, Zuzendaritza Batzordeak proposatu ondoren, kideek kide izateko baldintzak betetzeari uzten diotenean.
13. artikulua.
Ohorezko kide izaera izan daiteke, Zuzendaritza Batzordeak hala adosten badu. Hala gertatzen bada, Batzar Nagusiari jakinaraziko dio honek egiten duen lehen bileran.